Guk ere euskaraz!

Euskarak protagonismo handia hartuko du azaroan eta abenduaren hasieran Donostian. Euskararen erabilera eta euskara bera sustatzeko asmoz, hainbat ekimen martxan jarriko dira hirian eta horietako batzuk berritzaileak oso.

Azaroaren 23an eta 24an, Xare euskarazko teknologia berrien azoka-jaialdia antolatuko da Kursaalen. Abenduaren 1ean eta 2an, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, ekimen ugari antolatuko dituzte Donostiako auzo/herrietako eragileek. Horrela, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Ańorgan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean euskararen eguna ospatzeko egitarau zabala prestatu dute.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, San Telmo Museoa izango da epizentroa. Egun horretan mintzodromoak antolatzeaz gain, Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia egingo da Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik. Mintzanet proiektua eta Euskararen Ginkana lehiaketa abian jarriko dira eta azaroaren 16tik aurrera zabalik dagoen “Badu Bada, euskara mundu eleanitzean” erakusketa doan ikusi ahal izango da, besteak beste.

Hori guztia dela eta, egun hauetan eta inoiz baino gehiago, Donostia Euskararen Hiria izango da.